Bantaba

Bantaba : Zabalgune : Edukia : Zabalkunde dokumentuak : Begirada kritikoak borroka feministekin konprometitutako lankidetzarako

Izenburua

Begirada kritikoak borroka feministekin konprometitutako lankidetzarako

Egilea

Autore desberdinak

Iturria

Hegoa, Bilbao, 2011

Edukiak

Argitalpen hau Hegoaren Garapenerako Hezkuntzarako taldearen “GGKEetan teoria eta praktika feminista lortzeko bidean: garapenerako hezkuntzan eta lankidetzan lan egiteko hausnarketa eraldatzaileak” ekimenaren barruan dago sartuta. Ekimen horren helburua da generoko ekitateaz modu estrategikoan jabetzea, eta ildo feministako lan-ildoak eraikitzea, garapenerako lankidetzaren agente tradizionalak inspiratzeko.
Eta zer modu hoberik hori egiteko, -oso sarritan ahaztuta dauden- feministak gonbidatuz baino, lankidetzaren esparruko planteamenduak zalantzan jar ditzaten, GGKE gisa egiten ditugun praktiketan, zein lan horiek finantzatzen dituztenen kokapen ideologikoan. Uste dugu herri txirotu eta aberastuetako feministak direla, euren ekarpenekin eta bokazio kritiko zorrotzarekin, garapenaren logika patriarkal eta teknokratikoei aurre egin diezaieketenak, eta, euren borroken bitartez, gizarte justu eta libreagoak sor ditzaketenak, non emakumeen kontrako opresioak eta esplotazioak lekurik izango ez duen.
Modu horretan, alde batetik, hegoaldeko emakumezko egileei eskatu genien euren erakundeen proposamen politikoa deskribatzeko eta GGKE gisa egiten dugun lana ebaluatzeko, eta, bestetik, iparraldeko emakumezko egileei eskatu genien hausnarketa kritikoa egiteko finantziazio-erakundeen zereginari buruz, bai eta erakunde horien politikei buruz eta benetako prozesu emantzipatzaile eta feministak babesteko erabiltzen dituzten tresnei buruz ere. Hemen aurkezten diren testuek azken garaietan jorratu ditugun gaiak aipatzen eta sakontzen dituzte. Interes handiko gaiak dira, aldarrikapen globala egiten dutelako: emakumeen eskubide ekonomikoak, emakumeen aurkako indarkeria motak eta gatazkak, eta emakumeen partaidetza herritarra eta eragin politikoa.
Argitalpenak sei kapitulu ditu. Kapitulu horietako bakoitzak oso iritzi kritikoak egiten ditu, eta lankidetzaren esparruan lan egiten dugun agenteen profila krisian jartzen duten argumentuak plazaratzen dira bertan. Era berean, zalantzan jartzen dira gure lan egiteko modua, gure balioak eta gure identitatea bera. Ildo horretatik, egurra ematen digute, astindu egiten gaituzte, baina, batez ere, zenbait proposamen eskaintzen dizkigute garapenaren neutraltasun faltsuan eta axolagabekerian jarraitu nahi ez dugunoi.

pdf pdf dokumento (2071 kB)